XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

TUMORE-SORTZAILEAK

Agente tumore-sortzaileak hiru motatakoak izan daitezke: substantzia kimikoak, agente fisikoak eta agente biologikoak.

Azken hauen artean, zalantzarik gabe garrantzitsuenak birusak dira.

Badakigu ARN eta ADN duten birusek animaliengan neoplasiak sor ditzaketela eta gero eta aztarna gehiago dauzkagu gizakiongan ere berdintsu joka dezaketela pentsatzeko.

Agente infekziosoak kantzer-sortzaileak izan zitezkeela aspalditik uste zen eta 1908. urtean Ellemarn eta Bang-ek zenbait hegaztiren leuzemien trasmisio-era gaixotasun infekziosoen modukoa zela ikusi zuten.

Geroxeago, Rous-ek honakoa demostratu zuen: hegaztien sarkoma-sortzaileak bakterioek ezin zeharka zezaketen iragazkia zeharka zezakeela.

Baina orduko zientzilariek ez zioten Rousi jaramon handirik egin eta handik urte askotara Nobel saria jaso zuen zientzilari hau zorotzat jo zuten orduko jakintsuek.

1932. urtean Shop-ek basauntxeengan birus tumore-sortzaile bat deskubritu zuen, zeinak garatxa edo enor moduko bat trasmiti bait zezakeen, bai basauntxeengan eta bai etxeko untxeengan.

Harrigarriena hau zen: basauntxeen enorrak onberak izatea eta, aldiz, etxeko untxeen enorrak askotan gaiztotzea.

Baina aurkikuntzarik handiena Gross-ek egin zuen 1951. urtean, zeren arratoiengan leuzemia sortzen zuen birus bat aurkitu bait zuen.

Horrela, gizakion gaixotasunak ikertzeko erabili diren animaliek ondoriotzat animalia horiengan kantzerrak sortzen dituzten makina bat birus ezagutzea eman digute.

BIRUSEK ALDARAZITAKO ZELULEN EZAUGARRIAK

ADN-dun birus batek bi jokabide izan ditzake zelula baten aurrean jartzen dugunean.

Bata harreman litikoa deitzen duguna izango litzateke, hau da, birusak zelula hartzailea kutsatu egingo luke eta berau hautsiz birus berriak sortuko lituzke; eta bestea, zelula trasformatzaile dei genezakeena, hau da, birusak zelula hartzailea hautsi gabe kutsatu eta aldaraziko lukeena.